Haur eta gazte literatura

Gaur blogean landuko dugun gaia eskola eta literaturaren arteko gurutzaketa izango da. Lehenengo, haur eta literatura lantzeko eskura ditugun baliabide eta eragile batzuk ezagutuko ditugu. Gero, euskal idazle batek gaiari buruz egin duen hausnarketa irakurriko dugu eta, azkenik, gure txanda izango da. Iruzkinetan jasoko ditugu gaiari lotutako iritzi eta burutazioak, adibidez: ezagutzen zenituen baliabideak? Erabilgarriak direla uste duzu? Ados zaude idazlearen iritziarekin? Ekin diezaiogun!

Hasteko, Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea ezagutuko dugu. 1990ean sortu zen eta bi helburu nagusi ditu: haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea eta euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea eta ezagutaraztea. Elkartean literaturaren alor horretara lotuta dauden profesionalek parte hartzen dute, hala nola liburuzainek, irakasle eta ikastetxeek, kultur dinamizatzaileek, kultur eta euskara teknikariek, editoreek, ipuin kontalariek, idazleek, itzultzaileek edota ilustratzaileek. Finean, euskarazko Haur eta Gazte Literaturarekin harremana duen edonork.

2000. urtetik aurrera sortu ziren egun elkartearen ardatz bihurtu diren egitasmo nagusiak eta jarraian tarte bat hartuko dugu batzuk aletzeko: 

  • Klis-klasikoak liburu eta app bilduma: xede nagusi zuen 4 eta 16 urte bitarteko irakurleei (ez haiei bakarrik, baina bereziki haiei) euskarazko literatur obra kanonikoak eskueran jartzea zein beste hizkuntzetako klasikoen itzulpen egokiak eskaintzea.
  • Literatur aretoak: literatura eta sormena bizitzeko jarduera gidatuak.
  • Mintzoan Kux-kux: egitasmo honen helburua da haurren inguruko bitartekariak (gurasoak, bibliotekariak, irakasleak, hezitzaileak) formatzea, etxean, eskolan, kalean eta liburutegian haurrei eta haurrekin modu naturalean irakurtzen jarrai dezaten.
  • Irakasleentzako lantegiak: 2018an abiatu zuen “Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak” izeneko egitasmoa. Galtzagorrirentzat ezinbestekoa da irakurzaletasunean bitartekari lana egiten duten profesionalen trebakuntza. Irakasleak bitartekariak direnez gero, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan prestakuntza eskaintzen zaie irakasleei. Saioak praktikoak dira eta bertatik bertara eskaintzen dituzte Galtzagorriko adituek. Halaber, tokian tokiko udal liburutegietako liburuzainak gonbidatzen dituzte ikastetxeak eta liburutegiak saretze aldera.
  • HGL eskolan: irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetzeko, eta irakurketan bitartekari diren irakasle edo irakaslegaien formazio literarioa aberasteko formazioa da.  
Argitalpenei dagokienez, hauek dira sona handiena dutenak:
  • Galtzagorrik urtean bitan argitaratzen du Behinola, Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko aldizkari bakarra. Bertan, artikulu eta erreportajeez gain, liburuen iruzkin literarioak biltzen dira.
  • Gomendagarriak urtez urteurteko liburu gomendagarrien zerrendak sortzen ditu Galtzagorri elkarteak eta zerrenda bakoitzak Euskal Haur eta Gazte Literaturan urte horretan argitaratu diren liburu gomendagarrienak biltzen ditu, irakurlearen adin aproposaren arabera antolatuta.
  • EZINBESTEKOAK izena duen sail honen barruan euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren historian argitaratu diren 50 liburu ezinbestekoen zerrenda paratzeko konpromiso zail eta arriskutsua hartu du Galtzagorrik.

Eta zer diote euskal idazleek eskola eta literaturaren arteko harremanaz? Mariasun Landa da euskal idazle oparoenetakoa haur eta gazte literaturan eta, besteak beste, hau esan zuen duela urte batzuk Berria egunkarian egin zioten elkarrizketa batean:

"Haur literatura pedagogiarekin lotzeak dakartzan arriskuez ere mintzatu izan zara behin baino gehiagotan, «amaorde pedagogikoa» aipatuz. 

Didaktismoa da benetako arriskua. Baina, pedagogiaren izenean ere, irizpide batzuk errazegi erabiltzen dira batzuetan. Niretzat, liburu bat pedagogikoa da ondo idatzita dagoenean. Baina susmoa dut pedagogiaren izenean garai bateko moraltasuna ezkutatzen dela askotan, edo ideologia bat. Adibidez, bukaera zoriontsua izatea da pedagogikoa. Baina, literaturaren aldetik begiratuta, zergatik ez eskaini bukaera ez hain biribilak eta hain zoriontsuak, bukaera irekiak? Txan fantasma-ren bukaera tristea izan daiteke irakurketa jakin bat egiten duenarentzat, baina, nire ustez, bukaera irekia du, eta itxaropentsua ere izan daiteke. Nik uste dut zeukan berritasuna hortik zetorkiola, besteak beste, Txan fantasma-ri. Formaren aldetik. Batzuentzat haur eta gazte literatura ez da desafio literario eta estilistikoa. Nahikoak dira istorio polit bat eta bukaera zoriontsua. Hori ere behar da, haurrek irakurri egin behar dutelako guk ere irakurtzen dugun bezala, gu ez baikara ari beti Proust irakurtzen. Baina, gaitasun literarioa duten irakurleak sortzeko, behar da nolabaiteko planifikazio bat, haurrek aurrera egin dezaten gero eta zailtasun handiagoak dituzten liburuekin. 

Askotan esaten da garrantzitsua dela «balioetan heztea», eta literatura ere horretara bideratzen da. Zer iruditzen zaizu?

Badirudi oso zaila egiten zaigula haur eta gazte literaturari bere literaturtasuna aitortzea eta onartzea. Beti bilatu nahi diogu, eta irakaskuntza munduan zer esanik ez, baliagarritasun bat; beti jakin nahi dugu zertarako balio duen. Oso sartua zegoen hori lehengo irakasleen artean, eta halaxe dago oraingoen artean ere: irakurri behar dela zerbaitetarako. Orduan, egokitu behar zaio horri hondakinen arazoa, aldaketa klimatikoa, sexismoa, hezkidetza... Teorikoki, didaktismoa gaur egun ez zaio inori gustatzen, baina, praktikan, gauza horiek, irakaskuntzan «zehar lerroak» deitzen direnak, didaktismotik oso gertu daude. Badakit irakaskuntzan landu behar direla gai horiek, baina denetik egon behar du, eta bereizten ere jakin behar da, batez ere arduradunek, irakasleek eta abar. 

Berez duen balio literarioa izan daiteke, beraz, haur literaturako liburu batek transmititzen duen balio nagusia, garrantzitsuena. 

Mark Twainek Tom Sawyerren abenturak idatzi zituenean, edo Lewis Carrollek Aliziarenak, maitasunaren izenean egin zuten hori, bestelako helbururik gabe, opari bat egiteko haurtzaroari... Literatura da. Beste kontu bat da idazleak bere balioak dituela, eta idazten duela bere egoera zehatzetik eta bere balioetatik abiatuta, eta hor balio batzuk bideratzen dituela."

Iruzkinak

  1. Galtzagorri elkartearen berri ez nuen baina interesgarria iruditzen zait egiten duten lana. Alde batetik pentsatzen dut ezinbestekoa dela irakurzaletasuna zabaltzea haur eta gazteen artean, eta bestetik oraindik lan handia dagoela egiteke esango nuke.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aspaldi, galtzagorrikoak gure eskolara etorri ziren ipuinen inguruko hizketalditxo bat ematera. Orian, hau irakurri dudanean, gogoratu nahiz baino baita ere konturatu naiz ez naizela batere gogoratzen, zer kontatu ziguten, zeri buruz hitz egin zuten, zein eskolatara etorri ziren ezta noiz izan zen. Ederra nire burua!

      Ezabatu
  2. Ez nuen Galtzagorri elkartea ezagutzen, baina hemendik aurrera, noizean behin begiratuko dudala ziur nago. Izan ere, euskal haur literaturari buruz, kontsultak egin nahi izan ditudanean nora joan ez neukan argi eta halako elkarte bat faltan somatzen nuen.
    Gainera, "adituak" niri liburuak gomendatzea gustatzen zait. Beraz, "Gomendagarriak urtez urte" eta "Ezinbestekoak" atalei begirada bat botako diet.

    ErantzunEzabatu
  3. Gaur egun, txiki txikitatik, eskoletan batez ere, azpimarratzen da umeei ipuinak kontatu eta irakurtzeko beharra, literaturarekiko maitasuna eta jakinmina, txiki-txikitatik sortzeko asmoz. Izan ere, Lehen Hezkuntzara iritsi eta bertako lehen helburuetako bat, irakurketan eta idazketan hastea da. Lehenagotik, testu idatzienganako jakinmina eta plazerra landuta badute, irakasleak, euskarri idatzi bat irakurtzeko agintzen dienean ez dute zigor bat bezala hartuko. Beraz, guraso eta Haur Hezkuntzako irakasle bezala, konsziente izan behar gara, ipuintxo edota istorioak ahali eta gehiagotan kontatzeak, onura asko ekarriko diela umeei etorkizunari begira.

    ErantzunEzabatu
  4. Galtzagorri elkartearen izena ezaguna egiten bazait ere, artikulu hau irakurrita arreta deitu didaten bi alderdi nabarmendu nahiko nituzke. Alde batetik, oso interesgarria eta erakargarria iruditu zait Literatur aretoen dinamika, ikasleak literaturan murgil daitezen eta hori bizi dezaten. Bestetik, irakurzaletasuna jaiotzen garen momentutik lantzeko aukera dagoela jakin badakit ere, irakurketa kluben artean 6-36 hilabete bitarteko haurrentzakoa topatzeak harritu egin nau. Azalpenak faltan ditut, adin horretan irakurzaletasuna lantzeko zein irizpide eta zein eduki kontutan hartzen diren ezagutzeko gogoarekin gelditu naizelarik.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Bai, bitxia da egoera bera irudikatzea, 6 hilabeteko haurrak irakurketa klubean bilduta! "HGL eskolan" ikastaroan, akaso, lan hori nola egin azalduko dute. Ezagutzen duzue bertan parte hartu duen irakaslerik?

      Ezabatu
  5. Mariasun Landak esandakoarekin bat nator kasu batzuetan. Egia da gaur egungo ipuin, zein liburu askok didaktismo utzean idatziak direla eta horretara jotzen dela askotan, helburu edo balore zehatz batzuk ezagutarazi eta kontzientziatzeraz. istoriaren disfrutatze hutsa non gelditu da?

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Bat nator zurekin, Izaskun. Askotan eskolan literaturaren alderdi ludikoa ahazten dugu, irakurketarekin gozamen hutsa besterik ez bilatzea alboratuz. Hala ere, bien arteko oreka egon behar dela uste dut: disfrutatu bai, baina baita irakurtzen ikasi ere. Mariasun Landak dioen moduan, gaitasun literarioa duten irakurleak sortzeko planifikazioa beharrezkoa da.

      Ezabatu
    2. Ados. irakurzaletasuna izan beharko zen sustatzen dugun lehenengo gauza. Pedagogikoki zuzenaren MariasunLandak emendako azalpenarekin ez nator bat. Amaiera polita ez, harrigarria izan behar da. Liburuak berak erakartu egin behar ditu irakurlean, hasieratik amaierara arte...irakurtzen jarraitzeko grina sortuz.

      Ezabatu
    3. Eta nola hobetu daiteke planifikazio hori? Zer egin dezakegu guk?

      Ezabatu
    4. Irakurleengan grina piztu behar dugu irakurtzen hasi baino lehen. Hau da, lanketa bat egin behar dugu irakurgaia aukeratzerakoan. Planifikazioan jarduerak eta dinamikak sortu irakurtzen hasi baino lehen, bitartean eta ondoren.
      Hau da Filo eta biok gure proiektuan planteatzen eta aurrera eramaten saiatuko garena.

      Ezabatu
  6. Galtzagorri elkarteak eskaintzen dituen baliabide hauek ez nituen ezagutzen eta eskolan irakurketa lantzeko baliogarriak direla iruditzen zaizkit.
    Egitasmo nagusien estekak txertatzea bilaketa lana errazten du, webgunean bila aritzea baino.

    ErantzunEzabatu
  7. Galtzagorri ezagutzen dut eta haiekin formakuntzak egin ditut. Niretzat liburuen zerrendak oso baliogarriak izan dira...Hala ere zaila haiek helarazten duten metodoa ikasgelan aplikatzea.

    ErantzunEzabatu
  8. Ados Mariasun Landarekin. Haur eta Gazte Literatura literatura ere bada. Nik literatura irakurtzean sortzen dizun plazerra edo emozioekin erlazionatzen dut.
    Irakurmenak ez du zertan balio pedagogiko zehatz bat izan behar; baldin badu, ongi etorria, baina eskoletan irakurzaletasuna bultzatu behar dugu, disfrutatzea irakurtzen, alegia. Hori lortzen badugu, ikasketa pertsonala berez etorriko da.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Irudikatzen duzue zer gertatuko litzatekeen zinemarekin edo telebistarekin berdin jokatuko bagenu? Akabo Netflix eta pareko guztiak! Ikus-entzunezkoetan onartzen dugu batzuetan telesail sakon bat ikusteko gogoa dugula eta bertze batzuetan nahiago dugula zinemara joan umorezko pelikula bat ikustera, baina liburuak... sakratuago ote?

      Ezabatu
  9. Ez nuen ezagutzen Galtzagorri Elkarteak duen web-orria eta oso interesgarria iruditu zait, batez ere , "oso gomendagarrien liburuak " atala. Honek biltzen ditu Euskal Haur eta Gazte Literaturan urte horretan argitaratu diren liburu gomendagarrien zerrendak, irakurlearen adin aproposaren arabera antolatuta. Iruditzen zait oso baliabide erabilgarria eta interesgarria dela irakasleentzat.

    Mariasun Landari egindako elkarrizketan esaldi bat azpimarratuko nuke: " Baina, gaitasun literarioa duten irakurleak sortzeko, behar da nolabaiteko planifikazio bat, haurrek aurrera egin dezaten gero eta zailtasun handiagoak dituzten liburuekin. " Eskoletan ikasleak irakurle aktibo bihurtu nahi ditugu baina planifikazio bat falta dela iruditzen zait.

    ErantzunEzabatu
  10. Galtzagorri elkartea ezagutzen nuen. Hala ere, ez nekien egitasmo desberdinak zituztenik haur eta gazte literatura zabaltzeko. Oso interesgarriak iruditu zaizkit.
    Honetaz gain, elkartearen web orrian sartu naiz eta oso ondo dagoela iruditzen zait. Ondo antolatuta dago. Adibidez, adinaren arabera sailkatuta dauden ipuin desberdinak eta berauen azalak ikus daitezke.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Bai ni ere haien orrian sartu naiz eta gai askotan trasteatzen ibiltzeko aukera dago. Ekitaldi desberdinak adinaren arabera, irakasle eta hezitzaileei zuzendutako ikastaroak...

      Ezabatu
    2. Oso interesgarria iruditu zait Galtzagorri elkartearen webgunea. Ez nuen ezagutzen baina, oso aukera ona da liburu berriak hautatzeko eta eskoletako liburutegiak berrizteko. Hala ere, irakurzaletasuna bultzatzea zaila iruditzen zait. Batez ere, teknologia munduan bizi garenez, gazteek oso interes gutxi daukate irakurketan.

      Ezabatu
  11. Ados nago Mariasun Landarekin esaten duenean pedagogiaren izenean garai bateko moraltasuna edo ideologia ezkutatzen dela. Are gehiago, iruditzen zait gaur egun haurrak gehiegi babesteko joera badugula eta horren izenean bukaera bortitzak edo desatseginak saihesten saiatzen garela. Baina ez gara konturatzen, gero, oso txikitatik, eskura izaten dituztela oso irudi eta istorio gordinak.
    Bestalde, iruditzen zait helburu pedagogiko soila duten istorioak sortzea arriskutsua izan daitekeela, lanaren kalitatean eragina izan dezakeelako.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ados nago Argirekin, haurrak gehigi babesten ditugu hainbat egoeren aurrean eta aldi berean eduki edo irudi gordinak ikustea ohikoa bihurtu da.
      Baita bukaera ez hain zoriontsuak agertzea beharrezko da ere bizitza askotan ez delako dena ongi edo polita izaten.

      Ezabatu
  12. Ez nuen aurretik ezagutzen "Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea" eta niretzat Iraleko beste opari bat da. Galtzagorri web orrian sartu naiz eta gainetik ikusita oso interesgarria deritzot. Esate baterako, asko gustatu zait argitaratu diren liburu gomendagarrienak biltzen dituen zerrenda (irakurlearen adin aproposaren arabera), era azkar batean eta ondo antolatuta informazio asko jasotzen da. Gero, gehiago sakondu nahi izanez gero, beste leku batera jo dezakegu, baina zerrenda honetan begiratu batean liburu gomendatuak bilatzea aproposa da.

    ErantzunEzabatu
  13. Galtzagorri elkartearen formakuntza bat izan genuen eskolan eta oso aberasgarria izan zen. Galdera batzuk utzi zizkiguten eztabaida sortzeko: liburuak adin-tarteka sailkatu behar ditugu?, liburu guztiek helburu edo gai zehatz bat jorratu behar dute, eta ondorioz horren arabera sailkatu?, irakurzaletasuna bultzatzeko estrategia eraginkorrak erabiltzen ditugu eskoletan?, etab.

    Galdera horien harira, Daniel Pennac-en "Irakurlearen 10 eskubideak" (https://gureirratia.eus/lib/irudiak/--irakusleareneskubideak_web.211454.jpg) burura etorri zaizkit. Irakasleontzat lagungarriak dira sailkapenak baina ez legoke gaizki gure ikasleei adin-tarte horietatik haratago uzten joatea.

    Aipatu diren baliabide hauek oso baliagarriak iruditu zaizkit. Ikasturte hasieran eskolako familiei gomendagarrien zerrenda bidaltzeko ohitura daukat.

    BALIABIDE INTERESGARRIAK:
    (1) Liburu gomendagarrien zerrenda
    (2) Ezinbestekoak
    (3) Irakasleentzako lantegien gidak

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Hara, zeinen interesgarria, bai ikastaroa egin izana, baita familiei zerrenda bidaltzearena ere!

      Ezabatu
    2. Eskerrik asko zure ekarpenengatik, Mikel! Asko gustatu zaizkit irakurlearen eskubideak (nahiz eta batzuk neure buruarekiko onartzea kostatu, liburuak ez amaitzea, adibidez).

      Ezabatu
    3. Ba bai oso interesgarria ere familiei gomendatzea, euskarri bezala beti ere ondo dator.

      Ezabatu
  14. Eima katalogoa, Galtzagorri elkartea... eta hainbat baliabide eta web orri interergarriak ezagutzen ari gara...Ea modu ordenatu batean gordetzen ditut guztiak, etorkizun batean eskura izateko eta noizean behin ikusi ahal izateko.

    ErantzunEzabatu
  15. Galtzagorri elkartearen webgunea ez da batere intuitibo, egitasmo nagusiak aurkitzea zaila da.

    ErantzunEzabatu
  16. Galtzagorri Elkartearen berri banuen eta "Behinola" aldizkariarena ere bai, baina eskeintzen dituen zenbait ikastaro eta lantegiez gain, ez nekien ezer.
    Bere web orrian arakatuta iruditzen zait baliabide ugari eskaintzen dituela eskolan erabilgarriak izan daitezkeenak, baina nik irakurketaren dinamikarekin lotuta arazo larri bat ikusten dut hezkuntzan eta zera da: argi dugu ikasleek arazo larri bat dutela irakurritakoaren ulermenean, baina nire hezkuntzan ustez irakurketari ez zaio denbora nahikoa uzten.

    ErantzunEzabatu

Argitaratu iruzkina

Blog honetako argitalpen ezagunak

Booktegi - ElkarrizKATEA - Ana Morales eta Iñigo Astiz

Zipriztina - Amets Arazallus